Garbiñe Etxebarria, psikologo hezitzailea: "Ezin dugu ipuinen balio psikologikoa eta kulturala gutxietsi"

a: Garbiñe Etxebarria 2024ko api. 2a, 12:42
a: Garbiñe Etxebarria

Etxebarriak "El papel de la mujer en los cuentos y refranes” hitzaldia egin zuen Derion, Martxoaren 8aren ekintzen baitan. Ipuinen garrantziaz mintzatu gara berarekin.

Ipuin klasikoak berraztertzeko beharraz hitz egiten da foro batzuetan.

Literaturaren ikuspuntutik oso ipuin in-teresgarriak dira, eta ez ditugu laidoztatu behar, gure kulturaren parte inpor-tantea direlako. Egia da mugimendu interesgarria sortzen ari dela, umeei kontatzen dizkiegun ipuinei buelta bat emateko. Izan ere, ez ditugu ipuinen balio psikologikoa eta kulturala gutxietsi behar: psikologook erabiltzen ditugu umeen pentsatzeko eran eragiteko, alternatibak emateko eta eguneroko gatazkak gain-ditzeko erantzunak topatzen laguntzeko. Nolanahi ere, beste alde batetik, apur bat kezkatuta ere bagabiltza…

Zergatik?

Aspaldi honetan, ipuinetan, nahi duten guztia lortzen duten heroiak azaltzeko joera dagoelako. Mezu zoli hori ere arriskutsua da, zeren eta umeak pentsatzen hasi baitira nahi duten guztia lortzeko gauza direla, eta bizitzak irakasten digu beti ez dela horrela izaten. Egokia izateko, ipuin batek gatazka bat aurkeztu behar du, protagonistari gainditzea kostatzen zaiona, baina azkenean gainditzea lortzen duena.

“Gaur egun, ipuinetan, nahi duten guztia lortzen duten heroiak azaltzeko joera dago; arriskutsua da”

Txanogorritxuaren ipuina, esaterako, galtzeko beldurra eta arriskuak lantzeko erabiltzen da. Ipuina edulkoratzea eta otsoa hain gaiztoa ez dela esatea kaltegarria izan daiteke?

Bai, dena asko urardotzen gabiltza. Ipuin klasikoek hainbeste iraun dute, umeen oinarrizko beldurrekin konektatzen saiatzen direlako; hortaz, helburu hori duen ipuin bat urardotzeak ez du zentzu handirik. Zentzua du, hala ere, hurrengo honek: menditik abesten eta arriskuez ohartu gabe dabilena beti neskatoa ez izateak; protagonista aldatuta, ipuinak funtzio terapeutiko berbera izango luke.

Gaur egungo ipuinetan heroiak azaltzeko joera dagoela aipatu duzu, baina genero-rolek jarraitzen dute gizartean; ipuin horiek euren funtzioa betetzen ari dira?

Ez, nire ustez. Oso ipuin interesgarriak eta egokiak egiten ari dira lantzeko kreatibitatea, kultura-aniztasuna, inklusibitatea, jazarpena…, baina generoari erreparatuta, ez. Genero-rolak oso markatuta dituzten ipuin gogorretatik oso ipuin urardotuetara egin dugu salto. Funtzio terapeutikoa galdu dute, eta neska protagonistak, beharbada, ez dira printzesaz jantzita egongo, baina jarraitzen dute beste batek noiz salbatu zain.

“Ipuina asmatu dezakegu, eta umearen beldurrei aurre egiteko edo gatazkak konpontzeko bideak topatzeko erabili”

Zein ipuin-mota irakurri beharko genieke umeei?

Ipuinak modu ez literalean irakurri beharko genizkieke, eta askotan interesgarria da eurek aukeratutako edo lagun batek esandako ipuina irakurtzea. Ipuina umearengan eragiteko tresna moduan erabili behar dugu: adibidez, jendaurrean hitz egiteari beldur badio, edozein ipuin hartu daiteke, eta modu zehatz batean kontatu. Ipuina ere asmatu dezakegu, eta beldurrari aurre egiteko edo gatazkak konpontzeko bideak topatzeko erabili. Lehen aipatu moduan, ipuinak gatazka bat aurkeztu behar du: hori gainditu behar dut, denbora beharko dut horretarako eta batzuetan txarto pasatuko dut, baina azkenean lortuko dut. Gainera, kontuan hartu behar dugu umeak ipuin bat edo bestea irakurtzea behin eta berriro eskatzen badigu ziur asko haren bidez gatazka emozionalaren bat lantzen dabilela; ipuin horrek terapeutikoki lagunduko dio.

Ipuinak xalotzat hartzen ditugu gehienetan; hala ere, uste baino botere handiagoko tresnak dira.

Ipuinek helarazten diguten informazioa gure burmuinean, isilean, sartuz joaten da, oso gaztetxoak garenetik. Adin horretan, mundua ikusteko gure modua eraikitzen ari gara eta, aldi berean, hain gara gaztetxo, ezen ezin baitugu gure burua informazio horretatik babestu. Horregatik hain zuzen ezin dugu euren balio psikologikoa, kulturala eta terapeutikoa gutxietsi.

Zeintzuk gustatzen zaizkizu zuri?

Terapeutikoak; adibidez, El perrito Antón se comporta como un matón ipuina lagungarria da umeen kasketak lantzeko; eta emozioak lantzeko, Sensibles, El hilo invisible, Orejas de mariposa, Las jirafas no pueden bailar…

Eta klasikoen artean?

Genero-ikuspegiaren analisia alde batera utzita, guztiak aukeratuko nituzke, apartekoak direlako. Are gehiago, uste dut gaur egun ez direla terapeutikoki hainbeste laguntzen diguten ipuinak idazten. Nik askotan erabiltzen ditut lanean; hori bai, laburrago edo luzeago kontatzen ditut, hiztegia aldatzen diet…

 

Emakumea ipuinetan

Hitzaldian, ipuin klasikoak eta atsotitzak aztertu zituzten, eta horietan genero-rolak hausnartu. “Gure kulturaren parte dira, eta haietan azaltzen dena irakaspen bat helaraztetik baino harago joaten diren gizarte-kodigoetan, jarrera-arauetan… nagusitzen da. Ipuinetan emakume-eredu bi aurkezten dira: alde batetik, emakume ahula, sentibera, inozoa eta beste baten menpekoa dena; eta bestetik, guztiz kontrakoa dena: gaiztoa, inbidiatsua eta beste emakume bati mina egingo diona. Gizona, berriz, salbatzailea da: adibidez, printzeak ateratzen du Loti Ederra lozorrotik, bere arazotik, eta ehiztariak ohartarazten dio Txanogorritxuri gertatzen ari dena. Horrek printze urdinaren kontzeptua iraunarazten du eta, gustatu edo ez gustatu, gure gizartean jarraitzen du gaur egun. Ondorioz, emakume gazte askok zailtasunak dituzte bikotekide egokiak aukeratzeko, edo itxaropen faltsuak”.

Etxebarriak kezkaz hartzen ditu Estatu Batuetako emakume influencer batzuk zabaltzen dabiltzan mezuak. “Oso ikuspuntu kontserbadore batetik, emakumeak etxean senarraren zain izan behar duen ideia hedatzen dabiltza, eta bere nahiak bete behar dituela. 1953. urtean, emazte onaren gida argitaratu zen eta badirudi berriro ere indarra hartzen dabilela leku batzuetan. Oso kezkagarria da, globalizazioaren ondorioz berton ere modu berean amaituko dugula pentsatu daiteke eta”. Bere iritziz, joera horrek feminismoa eskuratzen dabilen boterean du iturburu. “Feminismoaren kontrako mugimendua ere indarra hartuz doa. Lehen, pertsona horiek, kontserbadoreek, pentsatzen zuten bidea konponduta zutela, baina azken urteetan feminismoak hartutako indarra ikusita gizarte-sareak erabiltzen dituzte, haiek ere indarra dutela erakusteko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).