“Mendian egoteak egundoko poztasuna ekartzen dit”

a: Joseba Bermejo Aurrekoetxea 2024ko api. 4a, 11:55
a: Joseba Bermejo Aurrekoetxea

Joseba Bermejo Aurrekoetxea, kirolaria

Hogeita zortzi urteko derioztarra kirolari eta kirolzale amorratua da eta mendian gozatzen du gehien. Haur Hezkuntzako irakaslea da, eta lan-egoera egonkortzeko aukera ailegatzen den bitartean, denak emanda bizi izaten du zaletasuna. Besteak beste, korrika, zeharkaldiak eta elurretako kirolak egiten ditu.

Gaitasun handia izan behar da hainbeste kirol egiteko?

Ez dakit. Nik betidanik, txikitatik, egiten dut kirola. Taekwondoa egiten nuen gaztetxoa nintzela; gero, gerriko beltza lortu, eta utzi nuen. Korrika egitea eta mendian egotea izugarri gustatzen zait. Are gehiago, mendiarekin zerikusia duten kirol guztiak gustatzen zaizkit: eskalada, eskia, snowa, menditik korrika egitea… Azken aldian ultrak egiten ditut, 100 kilometroko lasterketak mendian, eta oso ondo. Era berean, ski-zeharkaldia egiten hasi naiz aurten.

Zergatik mendia?

Mendian egoteak egundoko poztasuna ekartzen didalako. Eguraldi onarekin ere han egotea, mugikor barik, asko gustatzen zait. Herrira jaisten naiz eta pentsatzen dut «ados, indarberritu naiz».

Zein menditan ibiltzen zara?

Ahal dela, Pirinioetara joaten naiz; eta hara joateko denborarik ez badut, Gorbeiara, Anbotora… Eta entrenamendu azkarra egin behar badut, bertoko mendietara joaten naiz, Artxandara, Geldora…

Nola joan zara lehen aipatutako kirolak deskubrituz?

Txikitatik ikusi dut aita mendira joaten zela eta inbidia nion: eskalatzen ikusi dut, Mont Blancean… eta «neuk ere nahi dut» pentsatzen nuen. Beste alde batetik, nahiko ipurtarina naiz eta kirol batean eta bestean saiatuz joan naiz. Kirol bat edo bestea egiten duen jendea ezagutzeak ere piztu dit saiatzeko gogoa.

Zein da gehien gustatzen zaizuna?

Bakar bat aukeratu behar izanez gero, mendian korrika egitea aukeratuko nuke. Baina neguan elurrik badago, elurretara joaten naiz; eta euria eginez gero, rokodromora eskalatzera.

Erraztasunik izango duzu praktikatzeko.

Kirol errazak dira praktikatzen. Korrikan ondo nabil, baita ski-zeharkaldietan eta trailetan ere. Era berean, pista gorrietatik eta beltzetatik jaisten naiz snow-taularekin eta skiekin. Hala ere, horma errazak eskalatzen ditut; oraindik ez dut mailarik oso graduazio altukoak eskalatzeko.

Nondik ibiltzen zara eskalatzen?

Iaz Suitzan izan nintzen, Chamonixen, eta Naranjo de Bulnes ere egin dut. Inguruan ere oso leku onak ditugu eskalatzeko, adibidez, Atxarte.

Eta gainerako kirolak egiten?

Joan den urtean ere Frantzian, La Pierre Saint-Martinen, egon nintzen ski-zeharkaldia egiten. Hiru handiak ere egin ditut korrika: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri; 24 orduko epea dago hiru mendi horiek egiteko, baina nik 15 orduan egin nituen. Eta snow eta ski egiteko, bada, elurra dagoen lekuetara joan ohi naiz: Astunera, Candanchura, Formigalera…

Oporrak antolatuko dituzu, zer eta non egin nahi duzunaren arabera, ezta?

Bai, oporrak aprobetxatzen ditut: udan, adibidez, Pirinioetara joaten naiz, Suitzara… Eta neguan eta Aste Santuan, elurra dagoen lekura. Oporrak mendira joateko antolatzen ditut, baina turismoa egiteko denbora ere badut.

Atletismoa ere egiten duzu.

Atletismoan taekwondoko gerriko beltza lortu nuenean hasi nintzen, 16 urte-edo nituela. Euskadiko txapelduna izan naiz 3.000 metroko lasterketan, eta hainbat kros-lasterketa herrikoi irabazi ditut. Entrenatzaile ere ibili naiz Beste Biran. Gero, Gorbeia Suzien mendi-lasterketan ere postu onetan izan naiz, lehenengo hamarren artean gelditu ez banaiz ere.

Asko entrenatu beharko duzu hainbeste kirol egiteko.

Bada, egun batean edo bitan atsedena hartzen saiatzen naiz.

Zer da atsedena hartzea zuretzat?

Korrika egin beharrean, rokodromora joatea. Astean lautan edo bostetan egiten dut korrika, eta birritan edo hirutan joaten naiz eskalatzera. Zeharkaldiak egin behar baditut, bizikletaz ibili eta gimnasiora joaten naiz, hainbeste kilometro egiteko, fisikoki ondo ibili behar da eta.

Erronkarik baduzu?

Bai, hiru handiak 13 ordu baino denbora gutxiagoan egitea. Proba egin nuen lehenengo aldian, esan moduan, 15 ordu eman nituen hiru mendiak egiteko, baina bigarren aldian, oso txarto sentitzen hasi nintzen 60. kilometroan eta zorabiatu ere egin nintzen; ondorioz, 18 orduan egin nuen. Beraz, arantza hori kentzeko asmoa dut, eta 13 ordu baino denbora gutxiagoan egiten ahaleginduko naiz. Entrenatzen nabil horretarako.

 

Abenturak

Derioztarrak 15 urte inguru daramatza mendian kirola egiten, eta hainbeste urtean anekdota asko bizi izan ditu; azkena, joan den urtean, Chamonixen. “Hamar eguneko bidaia egin genuen lagun batek eta biok Mont Blancera. Bertan zenbait kirol egin genuen. Egunetako batean, goizaldeko ordu bietan itzarri, eta ibiltzen hasi ginen. Gure aurretik zihoazen gidariek buelta eman zuten, esaten zutelako arrailak zeudela eta arriskutsua zela; lagunak eta biok, hala ere, aurrera jarraitu genuen. Oso berandu egin zitzaidan eta, gainera, mendiko gaitzarekin hasi zen laguna. «Joseba, lokartuko naiz» esaten zidan, eta nik berari «Bada, ez, ezin zara lokartu, zurekin ni bakarrik nago eta». Jaten eta edaten eman nion eta jaisten hasi ginen; jaitsi ahala bizkortuz joan zen. Hemeretzi orduko abentura bizi genuen”.

Beste anekdota bat kontatu du. “Behin, orain dela bost urte-edo, mendiko lasterketa batean ibili nintzen Otañesen, Castron. Espainiako txapelketa zen eta nik 23 urtetik azpiko kategorian hartu nuen parte. Kategoria guztietako korrikalariak irten ginen batera, eta helmugara ailegatu nintzenean esan zidaten nire kategoriako irabazlea nintzela; sorpresa izan zen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).