Aisha Derioko gaztetxoak baloia eraman zuen zelaira Koparen finalean

a: Eitb 2024ko api. 8a, 13:12
a: Eitb

Zapatu gaua ahaztezina izan zen Athletic zale guztientzat, baina bereziki Aisha eta Kaiet Estarrona Perez Derioko anai-arrebentzat Athleticeko jokalariekin batera La Cartujako zelaia zapaldu zuten eta. Gainera, Aishak baloia eramateko ardura izan zuen, eta zorte handia ekarri zion talde zuri-gorriari, 40 urteren ostean 25. kopa irabazi zuen eta. Era berean, opari ahaztezina izan da Kaietentzat, etzi bederatzi urte beteko baititu. Mutikoa Iñaki Williamsen eskutik helduta sartu zen futbol-zelaira.

Sheila Perez Aisharen eta Kaieten ama da. Finaletik bi egunera, erabat hunkituta azaldu da, bere familiak La Cartujan bizi izandakoa benetan ametsa izan delako. Istorio hunkigarri eta ahaztezina hau kirol-arroparen saltoki ospetsu handi batean hasi zen. “Zozketa bat egin zuten: gutun batean adierazi behar genuen Koparen finalera zein ume eramango genuen, eta zergatik; 2014tik 2018ra bitartean jaiotako umea izan behar zen, eta 130 cm baino gutxiago neurtu. Apirilaren 2an deitu, eta esan ziguten gure gutuna aukeratuen artean zegoela eta zozketa egingo zutela baloia zelaira zein umek eraman ebazteko. Kaieti ez zitzaion tokatu, baina esan ziguten zelaira jokalari baten eskutik helduta sartuko zela; Aisha, berriz, zozketatik kanpo gelditu zen apur bat altuagoa izateaz gainera, 2012an jaio zelako”, kontatu digu.

 

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Athletic Club (@athleticclub)

Familia osoa Sevillara abiatu zen. “Kaiet eta senarra La Cartujara sartuko ziren, baina, sarrerarik ez genuenez, Aishak eta biok Athletic Hirian gelditzeko asmoa genuen”. Baina bizitza apetatsua da eta Sheilak bihozkada bat izan zuen. “Senarrari esan nion haiekin batera joango ginela La Cartujaraino, futbol-zelaira sartzeko itxaropena nuela. Zoratuta nengoela esan zidan. Baina, bueno, elkartzeko gunera ailegatu genuenean, umeen izenak esaten eta kredentzialak ematen hasi ziren. Baloia eramatekoa zen neskatoa ez zela joango entzun nuen, eta esan nien nahi izanez gero Aishak eraman ahal zuela. Irribarre egin zuten eta euren artean hizketan jarraitu zuten. Senarrak ere esan zien Aishak baloia poz-pozik eramango zuela, eta bat-batean kredentziala ipini zioten lepoan. Ezin genuen sinetsi! Besarkada handi batez elkartu ginen, eta zirrara handiaren eraginez hasi ginen negarrez”. Alabari kredentziala ipintzeaz gainera, finala ikusteko sarrera bat eman zioten Sheilari, baina derioztarrak erakutsi zuen bihozkada izatetik harago bihotz onekoa ere badela. “Hamahiru urteko gaztetxo bat negarrez ikusi genuen sarrerarik ez zuelako. Nirea eman nion, eta bere ama eta biok korrika joan ginen zaleen gunera, partida ikustera”.

Derioztarraren esanetan, oso esperientzia zoragarria izan da. “Nik uste nuen halakoak ez zirela gertatzen. Apirilaren 1ean Sevillako bidaia eta ostatua hartuta genuen, baina sarrerarik ez, eta apirilaren 6an seme-alabak La Cartujako futbol-zelaian genituen! Zer gehiago eskatu ahal genuen? Bada, falta genuen bakarra zen irabaztea eta irabazi genuen! Familia-esperientzia itzela izan da!”.  Derioztarrek karanbola biribila izan dute, zalantza barik. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).