DATek argazkiak egin dizkie derioztarrei, Athleticen garaipena ospatzeko

b eta a: Derioko Argazki Taldea 2024ko api. 10a, 13:15

Derioko Argazki Taldearen (DAT) kideek ekimen bitxia egin zuten atzo arratsaldean, Athleticen garaipena ospatzeko: Derioko kiroldegira Athleticen kamiseta jantzita hurbiltzen ziren herritarrei kalitateko argazkia egitea.

Kiroldegira 100 lagun baino gehiago hurbildu ziren. “Pasioz eta harrotasunaz betetako arratsaldea izan zen. Handiek eta txikiek partekatu zituzten irribarreak eta batez ere kirol-izpiritua”, azaldu dute elkartearen blogean. Derioko kiroldegia argazkilaritza-estudio inprobisatua bihurtu zen atzo arratsaldean. DAT taldeko kideek atondu zuten lekua, eta bertan atrezzoa, photocall-a eta 2024ko kopa ipini. Bertan, familiek zortzi argazki baino gehiago egiteko aukera izan zuten, eta argazki-oroigarriak etxera eraman zituzten. “Aretoa magiaz eta bakarrik futbolak sortu dezakeen berotasunaz bete zen, derioztarren batasuna eta zaletasuna beste behin agerian utziz. Derioko familiek Athletic babesten duten erakuslea izan zen atzoko ekintza, baina, halaber, zale derioztarrak batzeko modu ederra izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiegu ekintzan parte hartu zuten guztiei, topaketa une ahaztezina bihurtu zuten eta”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).