Txorierriko bizikleta-pistako Erletxeta eta Larrabetzu arteko zatia eraikitzeko proiektua onartu du Aldundiak

a: Bizkaiko foru aldundia 2024ko api. 5a, 12:50
a: Bizkaiko foru aldundia

Tarteak 3,4 kilometroko luzera izango du eta bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide baten bidez lotuko ditu Erletxetako eta Larrabetzuko industrialdeak, Artola auzotik igarota. Tartea Erletxeta eta Lutxana arteko adarraren baitan dago eta Txorirri eta Mungialdea lotuko den sarearen parte da. Ia 12 milioi euroko aurrekontua du eta, aurreikuspenaren arabera, 18 hilabetean egingo da.

Bi noranzkoko bizikleta-pista izango da eta oinezkoentzako bidea ere egongo da. Sei metroko zabalera edukiko du: lau metro zabaleko bidea atonduko da txirrindularientzat, eta bi metro zabaleko bidea, oinezkoentzat. Bi bideak ondo bereiziko dira, eta trafikotik aldendu, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Era berean, gune zabaletatik eta parkeetatik pasatuko da. Kirol-aisialdirako aukera da bizikleta-pista; hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, benetako alternatiba ere izatea nahi dute, herritarrek erabili dezaten Galdakao eta Larrabetzuko arteko joan-etorriak egiteko. Gainera, erraztuko du inguruko garraio publikora oinez jotzeko.

Esan moduan, ibilbidea Txorierri eta Mungialdea arteko sarearen parte da. Sarearen ardatz nagusiak zeharkatuko ditu Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Abadiño, Berriz eta Zaldibar; bigarren ardatz nagusiak lotuko ditu Erletxeta eta Lutxana; eta, azkenik, bigarren mailako ardatz bat Mungiaraino ailegatuko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).