Txorierriko kiroldegiak erabiltzen dituzten lezamarrentzako dirulaguntza

Aikor aldizkaria 2024ko api. 11a, 11:24

Lezaman ez dago udal-kiroldegirik eta, horregatik, Txorierriko gainerako herrietako udal-kiroldegietara joaten dira hainbat herritar. Udalerri horietan erroldatuta ez daudenez, lezamarrek tarifa garestiagoak ordaindu behar dituzte. Lezamako Udalak deialdia zabaldu du herritarrei aldea ordaintzen laguntzeko, eta eskaerak maiatzaren 2tik 31ra arte aurkeztu beharko dira udaletxean. Udalak 8.000 euro zuzenduko ditu dirulaguntza honetara.

Eskaera 2023an Txorierriko beste herri bateko kiroldegia erabili duten lezamarrek aurkeztu dezakete. Baldintzei dagokienez, Lezaman erroldatuta egon behar dute eskaera egiten duten momentuan zein dirulaguntzaren xede den ekitaldian. Hala ere, interesduna Lezaman urte osoan erroldatuta egon ez bada, zati proportzionala jasoko du. Pertsona bat hainbat kiroldegitako erabiltzailea bada, dirulaguntza bakarra jaso ahalko du eta zenbateko handiena hartuko da kontuan.

Eskaerak aurkezteko eredu ofiziala udaletxean hartu ahalko da, eta harekin batera hauek aurkeztu beharko dira: eskatzailearen edo haren legezko ordezkariaren NANaren fotokopia konpultsatua; eskabidea aurkezten den egunean, Udal Ogasun, Foru Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eguneratuta dituela azaltzen duen ardurapeko adierazpena; hirugarren alta-inprimakia (udalak emanda) behar bezala beteta, edo jada aurkeztu dela adierazten duen beren-beregiko aipamena; kiroldegiaren ordainagiria; errolda-ziurtagiria; eta familia-liburuaren fotokopia, familia-abonamenduen kasuan. Epea amaituta, akatsak jakinarazi, eta bost egun naturaleko epea emango da horiek zuzentzeko. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea gehienez hiru hilabetekoa izango da. Informazio gehiago, hemen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).