Fardela kentzeko orduan

t: Ursula Tomas Almagro, psikologoa eta neuropsikologoa - a: Pixabay / PublicDomainPictures 2024ko api. 3a, 10:06
a: Pixabay / PublicDomainPictures

Ikasketa eta heldutasuna uztartzen dituen mugarria da esfinterrak kontrolatzea. Horregatik, fardela kentzen saiatu baino lehen, badira kontuan hartu beharreko zenbait aholku. Arazoa etortzen da ikastetxeek umeei fardela kentzera behartzen gaituztenean: eskola guztietan gertatzen ez den arren, logistika dela eta, ikastetxe askotan ez diete umeei fardela ipinita joaten uzten.

Fardela kentzea momentu garrantzitsua da umeen garapenean, baina estresagarria ere izan daiteke umeentzat zein gurasoentzat. Komunera joateko entrenamendu-prozesua noiz eta nola hasi jakiteak lagundu diezaguke prozesu natural bat bizi izaten eta frustrazioa eta ezbeharrak gainditzen. Hurrengo lerroetan topatuko dituzue fardela kentzeko orduan kontuan hartu beharreko aholku batzuk.

Adi egon umea prest dagoen seinaleei. Ohiko seinale batzuek adierazten dute umeak maskuria kontrolatzen duela: fardela aldatzean hura siku dago, umeak komunera joan behar duela esaten du eta komuna helduek bezala erabiltzeko interesa agertzen du.

Ezarri errutina bat. Umea komunera eraman behar da jatorduen ostean, oheratu baino lehen eta goizean altxatzen denean. Ohitura giltzarria da umeari komuna erabiltzen ikasten laguntzeko.

Egin modu dibertigarri batean. Fardela erabiltzeari uzteko prozesua jolas bihurtuz gero, dibertigarriagoa izango da umeentzat eta estres gutxiago izango du. Umearen arreta erakartzen duen eta koloretsua den pixontzia edo eserleku-egokigailua erosi dezakezue. Era berean, komuna arrakastaz erabiltzen duen bakoitzean pegatinak edo sari txikiak eman ahal dizkiozue.

Izan pazientzia. Fardela erabiltzeari uzteko prozesua luzea izan daiteke. Jokatu lasaitasunez, umea trebetasun berri hau ikasten duen bitartean. Saihestu umeari errieta egitea edo hura zigortzea.

Ezarri itxaropen errealistak. Ume batzuek azkar ikasten dute, baina beste batzuek, berriz, denbora gehiago eta laguntza handiagoa behar dute. Ez etsi, umeak bidean arazorik badu. Izan jarrera positiboa, eta jarraitu prozesuan aurrera egin ahala laguntza eta babesa ematen.

Prestatu gauerako. Egunean fardela erabiltzeari uztea lehen pausoa baino ez da: baliteke denboraldi batean umeak gauean fardela erabili behar izatea, harik eta bere gorputzak lo egiten duen bitartean txiza atxikitzen ikasi arte.

Ospatu lorpenak. Umeak fardela uzteko prozesuan aurrera egin ahala, ospatu bere lorpenak: onartu bere ahaleginak eta aurrerapenak.

 

Zure galderei erantzuteko lekua

Hau zuk ere parte hartzeko lekua izatea nahi dut. Horregatik, umeen jarrerari lotutako kezkak, zalantzak ea galderak bidali ahal dizkidazu, eta datozen artikuluetan emango diot erantzuna. Nirekin harremanetan jartzeko, idatzi aldizkariaren helbide elektronikora: aikortxori@aikor.com

 



Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).