Gaur hasi den errenta-kanpainan 560 milioi euro itzultzea espero du Ogasunak

b: Bizkaiko Foru Aldundia 2024ko api. 10a, 12:01

Bizkaiko Foru Ogasunak azaldu duenez, 893.095 zergadunek eskura dute aitorpenaren zirriborroa, eta hori kontsultatu eta berrikusi ahalko dute modu digitalean, telefonoz edo aurrez aurre. Ogasunak uste du 663.000 aitorpen inguru aurkeztuko direla eta hirutik biren emaitza zergadunei dirua itzultzea izango dela; batez beste 1.179 euro. 2023ko errenta-kanpainan 712,6 milioi euroko kenkari sozialak ezarriko dira. Bestalde, ondarearen gaineko zergaren kanpaina dela-eta 8.100 aitorpen eta 88 milioi euro biltzea aurreikusten da.

2023ko errenta-kanpaina gaur, apirilak 10, hasi da eta ekainaren 28ra arte iraungo du. Aurreikuspenen arabera, Ogasunak 560 milioi euro itzuliko ditu, eta 397 milioi euro jaso. Izapideak modu digitalean egiteko, www.bizkaia.eus/eu/errenta-bizkaia webgunera jo behar da, edo gailu mugikorretan Renta Bizkaia Errenta aplikazioa erabili. Kasu bietan erabili beharko da identifikazio elektroniko sistema baliodun bat; izan ezean, Bak gakoa sortu ahalko da, errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabilita. Telefonoz egiteko, 946 083 000 telefono-zenbakira deitu ahalko da 08:30etik 19:00ak arte. Nolanahi ere, ordutegi horretatik kanpo arreta pertsonalizaturik behar ez duten izapideak egin ahalko dira, sistema automatiko batek lagunduta. Izapideak telefonoz egiteko ere beharko da Bak gakoa edo errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea. Izapideak aurrez aurre egin ahalko dira Foru Ogasunaren bulegoetan eta Gertu bulegoetan. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da www.bizkaia.eus/eu/errenta- webgunean edo 944 066 600 telefono-zenbakira deituta. Dena dela, kontuan hartu behar da aitorpen konplexuak ezingo direla aurrez aurre aurkeztu, PFEZaren araudian jasotako eragiketa jakin batzuen bidez lortutako etekinak badira. Informazio gehiago, hemen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).