#A21 Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Pello Otxandiano, EH Bildu: "Ziklo politiko berri batean gaude eta EAEn nabarmena da indarrean dauden koalizio gobernuek ez dutela gehiagorako ematen"

Txomin Madina Milikua (Goiena) 2024ko api. 15a, 10:33

1983an Otxandion jaioa, EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandiano Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea da. Lau urtez bere jaioterriko zinegotzi izan ostean, EH Bilduko programa zuzendaria izan da alderdian bere hautagaitza onartu arte.

"Aro berri baten aurrean" daudela uste du Pello Otxandianok (Otxandio, 1983), "egun indarrean dauden koalizio gobernuek ez dutelako gehiagorako ematen". Herritarren partetik aldaketa eskaera dagoela gehitu du, eta apirilaren 21ean ikusiko dela hori. Osakidetza puntu "kritiko" batean dagoela dio, eta "erreakzioa" behar duela: "Gobernantza eredu berria behar da, pertsonal politika berria behar dugu, lehen arreta indartu behar dugu eta osasun publikoa ulertzeko adiera zabalagoa behar dugu".

Trantsizio energetikoaz ere mintzatu da eta irizten dio salto egin behar dela energia berriztagarrietan oinarritzen den matrize energetikora, baina aurrez lurralde planifikazio zehatza egin behar dela, eztabaidatu behar dela eredua –haren ustez, publiko eta komunitarioa– eta jakin behar dela zenbat energia behar den. Halaber, ulertzen ditu landa eremuko herrien kontrakotasunak, besteak beste, haren ustez, egungo eredu energetikoa dagoelako "interes lukratiboak" dituzten enpresa energetikoen eskuetan.

Gazteei begirako erronka emantzipazioa dela uste du EH Bilduko lehendakarigaiak, eta behar den politika dela etxebizitza parke publiko handi bat eraikitzea "egiturazko modu batean" etxebizitza prezioak erregulatzeko, jaisteko eta eskuragarri jartzeko. Otxandianok dio A21eko hauteskundeetako emaitzen ostean Legebiltzarra izango dela "nabarmenki abertzalea. Inoizko abertzaleena, ziurrenik, eta izango dela gehiengo osoz, ezkerrekoa edo ezker joerakoa".

Debagoienetik "pisua eta indarra" dituen kooperatibismoa nabarmendu du: "Uste dut hori badela eredu ekonomikoa, eredu soziala, enpresa eredu bat, etorkizunean funtsezkoa eta inspiratzailea izango dena apustua egiteko ehun industrial errotu baten alde".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).