“Prezioa ordaindu behar da futbolean”

Aikor aldizkaria 2024ko api. 12a, 12:21

KARLOS HORMAETXE TXALI  · Iraultzaren presidentea

Bizkaiko Futbol Federazioak urrezko intsignia eman dio Karlos Hormetxe Latxaga Txaliri, “bere lanagatik eta Bizkaiko futbolari egindako ekarpenagatik”. Izan ere, Txali Zamudioko Iraultza futbol-taldearen presidentea da 1982. urtetik hona, eta hango jokalaria ere izan da. Saria poztasunez hartu duen arren, hura talde osoarena dela utzi du argi. Errekalde futbol-zelaian izan gara berarekin solasaldian.

Intsignia poztasun handiz jaso zenuen, baina sorpresaz ere bai.

Bizkaiko Futbol Federazioari benetan eskertu nion, eta gehienbat Iñaki Gomez Mardones presidenteari. Izan ere, beste presidente batek ez du inoiz beheko futbolarekin halako detailerik izan. Oso pozgarria izan da niretzat eta intsignia oso gustura jaso dut. Nolanahi ere, azpimarratu nahi dut intsignia ez dela bakarrik nirea, talde osoarena baizik. Beti esaten dudan moduan, presidentea norbaitek izan behar du eta kasu honetan ni ipini naute hor, baina urteetan ondoan izan dudan lantaldeak nik beste garrantzi du, edo garrantzi handiagoa.

Zenbat lagun zarete Iraultzaren zuzendaritza-batzordean?

Bost pertsona gaude gaur egun. Taldean urte gehien daroatzana ni naiz: 42 urte; baina besteek ere ibilbide luzea egin dute Iraultzan: 30 urte inguru. Urte batzuetan, 8-10 bat pertsona izan gara zuzendaritza-batzordean, baina futbolak ordu asko lapurtzen dizkizu familiarekin, lagunekin… egoteko edo beste gauza batzuk egiteko, eta jendea nekatuz doa. Taldean jende gaztea inplikatzea gustatuko litzaidake, ea aurrera jarraitu ahal dugun!

“Une batean aldi berean izan nintzen Iraultzaren jokalaria, presidentea, fisioterapeuta eta entrenatzailea”

Zelan bihurtu zinen Iraultzaren presidente?

Zamudio futbol-taldeko jokalaria izan nintzen urte askoan. Hala ere, denboraldi batean taldetik kanpo gelditu nintzen eta Iraultzatik deitu zidaten. Beste talderen batean jokatzeko aukera ere izan nuen, baina Iraultza herrikoa zenez, haiekin hasi nintzen 1981-1982 denboraldian. Bigarren urtean presidente izendatu ninduten, eta momentu batean aldi berean izan nintzen taldearen jokalaria, presidentea, fisioterapeuta eta entrenatzailea. Mardo-nesek berak askotan esaten zidan karguetako bat utzi behar nuela, ze, fut-bol-zelaitik kanporatzen nindutenean, ez zekiten jokalari, presidente… moduan kanporatzen ninduten (kar-kar). Bueno, halako istorioak dira gogoan izaten dire-nak… Nik oso pozik egin dut ibilbidea Iraultzan.

Zein da presidente baten lana?

Presidentea gehien ikusten dena izan arren, azpimarratu nahi dut gainerako kideek egiten duten sukaldeko lana ezinbestekoa dela, haiek barik ezinezkoa izango litzatekeelako hau guztia aurrera eroatea. Adibidez, ni fisioterapeuta naiz eta lan-ordutegia dela-eta ezin naiz astegunetan entrenamenduetara etorri, zerbait falta den edo ez ikusteko; bada, lan hori beste kide batzuek egin behar dute. Era berean, delegatu bat egon behar da partidu guztietan, eta bi lagun-edo futbol-zelaiko sarreran; baloiari adi egon behar zaio, ea jokalariek nora jaurti duten, eta horretan hiruzpalau lagun izan ohi dira… Nik batez ere asteburuetan egiten dut lan Iraultzan; denetarik egin behar da: lan administratiboa eta burokratikoa –eskerrak emazteak laguntzen didan!–, beste klub batzuekin harremanetan egon, jaietan txosna ipini, loteria saldu…

Urte asko dira 42 urte; nekatuta?

Egia esan, bai.

Gainera, aipatu duzunez, denbora kendu behar zaio familiari, lagunei…

Horri lotuta, azpimarratu nahiko nuke familian utzi dugun hutsunea. Izan ere, umeak txikiak izan direnean, haiek eta emaztea bakarrik utzi ditut, eta partidara joan naiz… Prezioa ordaindu behar da futbolean, eta azkenean nekea sortzen da. Beharbada, Pepe Mújica Uruguayko presidente ohiak esaten duenez, denbora librea izatea da loteriarik handiena. Guk ez dugu askotan denbora librerik izan, eta, dagoeneko, nire adinarekin, izan nahi dut.

“Asmoa da talde nagusietan jokatzeko aukerarik ez duen jokalariak Iraultzan aukera izatea”

Ordezkorik behar duzu?

Uste dut baietz, baina ordezkorik ez bale-go, ez nuke nahiko Iraultza desagertzea; horregatik ez dut gai hori lar aztertu. Nahiago nuke ordezkoa egongo balitz, Iraultzak aurrera jarraituko balu eta nik atsedena hartzerik banu!

Hirugarren mailan dago Iraultza. Talde xumea izateak handiago egiten ditu buruhausteak?

Bai, jakina! Gainera, baztertuta ere sentitu gara batzuetan.

Zer dela eta?

Bada, beti azkenak garelako. Oinarri-futbola beharrezkotzat jotzen dugu eta lehentasuna eman behar zaiola pentsatzen dugu. Hala ere, inoiz minduta sentitu gara, Zamudio taldearen ondoren lehentasuna El Correori eman diotelako, futbol-zelaian euren torneoa egiteko, eta horrek gure partidak baldintzatu ditu. Askotan esaten dugun moduan, gurea herriko taldea da eta 44 urteko historia du; horregatik uste dugu lehentasuna lehenengo eta behin guri eman behar digutela, eta gero kanpokoei.

Babesik duzue zaleen aldetik?

Urte batzuetan oso babes handia izan dugun arren, aipatu beharra dago gaur egun jende gutxi etortzen dela partidak ikustera. Normala da; izan ere, lehen herriko jokalari gehiago genituen taldean eta hori dela-eta zamudioztar asko etortzen ziren partidetara. Gaur egun herriko lau jokalari ditugu Iraultzan. Aurtengo denboraldian saiatu gara herriko hiru gazte fitxatzen, baina haietako bik futbola utzi dute, eta hirugarrena beste talde batera joan da. Dena dela, eta beste alde batetik, aipatu behar da jendetza batzen dela oinarri-futbola ikusten, eta horrek erabateko poztasuna ekartzen dit, ze, lehen esan dudanez, postura egiten dut oinarri-futbolaren alde.

Zelango ekarpena egiten dio Iraultzak Zamudio herriari?

Hasiera-hasieratik hau izan da gure asmoa: herriko jokalari batek gazteen maila gaindituta talde nagusietan jokatzeko aukerarik ez badu, aukera gurean izan dezala. Horrezaz gainera, deitzen diguten herriko ekintza kultural guztietan hartzen dugu parte, hala nola Lagatzu Egunean eta Korrikan. Niretzat beti da pozgarria euskal kultura bultzatzeko ekintzetan parte hartzea.

 

Zalantzan ibili zineten denboraldiaren hasieran…

Oso hasiera gogorra izan zen, jokalari batzuek taldea utzi zutelako: batzuek ikasketak direla eta, eta beste batzuek, beteranoak zirenek, futbolean jokatzeari utzi ziotelako. Ia jende barik gelditu ginen eta zaila izan zen jendea topatzea: azken momentura arte ez genuen jakin aurrera jarraituko genuen. Baina asko mugitu gara eta azkenean lortu dugu fitxa guztiak betetzea; 25 jokalari ditugu.

Zein da zure helburua, presidente moduan?

Iraultzak aurrera jarraitzea eta Zamudio taldean lekurik ez duen gazteak Iraultzan lekua izan dezala.

 

Fisioterapeuta ogibidez

Txalik 63 urte ditu eta 31 urte daroatza fisioterapeuta lanean; kon-tsulta Zamudion du. Iraultza futbol-taldearen fisioterapeuta da, eta Zamudio futbol-taldean ere ibili da jokalarien lesioak tratatzen. “Beste talde batzuetako joka-lariak ere etortzen dira kontsultara. Futbolean hainbat urteetan nabilenez, badakit bereziki kirol-lesioak zelan tratatu. Nolanahi ere, denetariko trata-menduak egiten ditut, eta edozein patologia osatzen lagundu”. Urte asko-ko lan-ibilbidea du eta, gainerako lan-bideetan moduan, esperientzia beti da balio erantsia. “Jendeak askotan galdetzen dit ekografia ikusi barik, esaterako, zuntz-urradura dutela zelan dakidan. Egia da proba diagnostikoak beharrezkoak direla, baina kasu ba-tzuetan eskarmentuak esaten digu gaitza zein den, muskuluekin, ehun bigunekin… lan egiten dugulako eta minduta dagoen gorputz-atala asko ukitu dugulako. Era berean, pazienteak kontatzen duena lagungarria da zein lesio-mota duen jakiteko”. Jakin-min handiko pertsona da eta horrek bultzatzen du bere burua etengabe prestatzera. “Medikuntzaren beste esparru batzuetan gertatzen den moduan, fisioterapia arloan ere beti zabiltza ikasten. Ia erretiroa hartzeko adina dudan arren, gauza berriak ikasteko gogoa dut, nire ogibidean oso gus-tura nago eta. Baina batez ere oso inportantea da paziente batek osatzen lagundu diozula esaten dizunean; hori dirua baino inportanteagoa da, behintzat niretzat”. Jakin-minaren era-ginez ikasi zuen akupuntura, eta orain biomagnetismoarekin dabil buru-belarri. “Paziente baten ahotik ezagutu nuen. Biomagnetismoaren bidez digestio-arazo bat osatzen lagundu ziotela komentatu zidan eta kuriositatea piztu zitzaidan. Ikastaroak egiten nabil eta benetan harrigarria da ikustea imanak gorputzean patologiak antzemateko gauza direla”. Aurreko lerroetan berak aipatu duenez, urte gutxi falta zaizkio erretiroa hartzeko. Hala ere, lanbidean modu batean edo bestean jarraitzea gustatuko litzaioke. “Bizitzak esango du, baina nahiko nuke pertsonei osatzen laguntzen jarraitzea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).