“6.500 baietz, 6.500 amets” kanpaina, Marikobaso sostengatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 13a, 11:23

Marikobaso Espazioa auzolaneko proiektua da eta lau zutabe nagusi ditu: kultura, euskara, feminismoa eta ekologia. Egoitza Derion du, eta bertan aipatutako arloei lotutako ekintzak egiten dituzte. Ekintzak herritar guztientzat dira. Egitasmoen arduradunek jakinarazi dutenez, lokalak gutxi gorabehera 6.500 euroko gastua dakar urtean. Diru-kopuru hori lortze aldera, “6.500 baietz, 6.500 amets” kanpaina egingo dute urriaren 16tik azaroaren 20ra bitartean.

“Kanpainaren helburua da Marikobaso sostengatzea. 6.500 amets ditugu betetzeko, eta, horretarako, beharrezkoa dugu diru-kopuru hori lortzea. Asmoa da diru-kopurua 2023rako lortzea”, azaldu dute. Kanpainaren harira, urteko bonuak salgai ipini dituzte 30 euroan eta 60 euroan. “Sostengatzaileek abantailak izango dituzte, esaterako, leku mugatua duten ekitaldietarako lehentasuna eta zenbait ekimenetan deskontuak”.

Bestetik, ekintzak antolatuko dituzte kanpainaren baitan. Horrela, zapatuan, urriak 15, Derioko argazki zaharren erakusketa izango da Marikobaso Espazioan, eta kopaua ere eskainiko da. Horrezaz gainera, musika egongo da. “Azaroaren 20an beste ekintza bat egingo dugu kanpaina amaitzeko. Egun horretan, 2021ean, lehen ekintza egin genuen Marikobason eta asmoa da hura 2022an berriro egitea: kontzertua eta mokaduak, bermut-formatuan”.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).