Bizkargi Eguna ospatuko da asteburuan

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 2a, 12:37

Ohikoa den moduan, domekan, maiatzak 5, Bizkargi mendiaren tontorrean omenaldia egingo diete 1937an faxistei aurre egin zieten gudariei. Bizkargi Gogoratuz elkarteak antolatuta, zenbait ekitaldi izango dira goizean, eta ospakizunak arratsaldean jarraituko du Larrabetzun. Bestalde, bezperan, maiatzak 4, Bizkargi Igoera egingo da 18. aldiz –12:00etan aterako da Larrabetzutik–, eta Ernaik antolatuta ere egun osoko egitaraua izango da mendi tontorrean zein Larrabetzun.

Ernaik prestatutako ekintzei lotuta, goizean Bizkargira igoko dira Gernikatik (09:30), Zornotzatik (09:45) eta Larrabetzutik (10:00), eta 12:00etan mahaingurua egongo da Larrabetzuko plazan. Haren ostean, ekitaldia, bazkaria eta trikipoteoa izango dira, eta arratsaldean musika, Larru eta Lagunak taldearekin eta DJ Bizkargirekin.

Beste alde batetik, Bizkargi Gogoratuz elkarteak ekintzak antolatu ditu domeka goizerako: musika-animazioa, gudariak omentzeko ekitaldia, Aranzadiren lanak aurkeztea, dantza-agerraldia, Etxanoko nagusiaren ongietorria eta bertso-saioa, besteak beste. Era berean, arratsaldeko 5etatik aurrera txosna zabalduko da Larrabetzuko plazan; 18:00etan ekitaldia izango da eta 18:30ean erromeria egongo da Kittu taldeak girotuta; taloak ere egongo dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).